XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urkamendia, ezinbesteko patu tragikoaren amaia: irakurleak nekez aurkituko du horrelako etsipenik literatura protestantean.

Ajearen ajetik, aje-umeak

Parrandaren ondorengo ajean berriro zurrut egin izanaren ajeari deitzen dio Toribio Etxeberriak ajearen ajea: Ajea osatzeko berriz edan ezkero, ajearen ajea, esaten duten lez, ajerik txarrena.

Baina zurrutaren kontuetan adituak direnak ez datoz batere bat iritzi horrekin, ajea ajearekin sendatzen dela baiesten dute eta.

Hala esan omen zuen Zaldibiko zurrutero fin batek bezperan sekulako ardo-jana egin, eta ajearen ajea sendatuko zion zahatoari saka egin aurretik:

- Eskerrak bart asko edan nuen! Nork burutu, bestela, gaurko egarri hau?

Aje berriarekin aje zahar asko sendatutakoa izango genuen kopla zaharreko Joakina Maria ere:


Joakina Maria,
neskato planta garbia:
hortzez iduri ximinoa,
gorputzez ere ñañoa,
hik edaten dun ardoa
dutxulu barrikakoa.

Jon Goikoetxeak Euskera aldizkarian kontatzen duenez, sendagile bizkaitar bat etorri omen zen behin Gipuzkoako herri industrial batera, eta Charles Dickens-en nobeletako egoera gogorarazi zioten, antza, han ikusitako eri-itxurako haurrek:

- Hauek dira gure aje-umeak, ingelesek dioten saturday's childs, alkoholez ondo beteta sortuak.

Zaldibiko zurruteroaren eta Joakina Maria gorputz-ñañoaren artean sorturikoak, alegia:


Erranen dinat, erranen,
enaun isilik egonen:
dupela pean sortzen den haurra
ez dela aguador jinen,
zeren aitak eta amak ere
afizione baitzuten.